Feminismo islamiko

Feminismo islamikoaren ikurra.

Feminismo islamikoa islamaren barruan feminismoa eta emakumeen rola aldarrikatzen dituen mugimendua da.[1] Musulman guztien berdintasun osoaren alde egiten du, sexua edo generoa kontuan hartu gabe, bai bizitza publikoan, baita bizitza pribatuan ere.

Nahiz eta islamean oinarriturik dagoen, Korana testu zentral gisa hartzen du,[2] mugimendu feminista sekularraren diskurtso batzuk erabili izan ditu erreferentzia moduan eta mugimendu feminista orokorraren parte da.[1] Hala ere, islamean adituak direnek feminismo sekularra baino erradikalagotzat hartzen dute.[1] Eskola filosofiko gisa, erreferentziatzat Fatema Mernissi soziologo marokoarra eta Amina Wadud zein Leila Ahmed adituak aurki ditzakegu.[3]

Mugimenduaren bozeramaileak Koranean erro sakonak dituzten berdintasun irakaskuntzak nabarmentzen saiatzen dira, baita Koraneko, hadithetako eta xariako irakaskuntzen interpretazio patriarkalaren kritika sustatzen ere. Gainera, sakratutzat hartzen diren testuak ikertzen dituzte genero berdintasuna lortzeko nahian, gizarte bidezkoago baten eraikuntzan lagunduz.

Feminismo islamikoa aurkako bi jarreren artean espazio bat sortzen saiatzen da. Izan ere, alde batetik, fundamentalismo islamikoa dago, zeinak feminismoa Mendebaldeko herrialdeen asmakizuntzat hartzen duen. Beste aldetik, jarrera feminista edo liberala dago, zeinak ez duen bateragarritasuna ikusten feminismoa eta islamaren artean eta, era berean, mugimendu hauen agerpena ukatzen duen lurralde musulmanetan. Valentine Moghadam soziologoak, Unescoko “Genero berdintasuna eta Garapena” saileko buruak adierazten duen bezala, muturreko bi jarrera horiek ez dute mugimendu erreformisten sorrera ulertzen uzten.

Feminismo islamikoa herrialde ugaritan dago presente, Magrebean, Mashregean eta Asia, Europan eta Estatu Batuetan, patriarkatuaren aurka mobilizatuz, musulman erreferentzietan oinarrituz. Bartzelonan feminismo islamikoaren inguruko nazioarteko kongresu bat burutu zen 2005eko urriaren 27tik 29ra.

Feminismo islamikoa ijtihad-ean edo Koranaren interpretazioan oinarritzen da, herrialde musulmanetan eta islamean emakumeen lekua zalantzan jartzeko. Hezkuntzari paper nagusia ematen dio emakumeen autonomiarako. “Feminismo islamiarra” kontzeptua 1990. urtetik aurrera garatu zen, batez ere Irango emakumeengan. 1980. urteaz geroztik mugimendu feministak sortutako mugimenduen sorrerarekiko interesa agertu zen emakume laikoek eta islamismoaren paradigmaren barruan feminismoaren problematika berrikusi zuten. Irandarren tesiak Hegoafrikara, Egiptora, Turkiara, Europara eta Estatu Batuetara zabaldu ziren.

Mugimendu hau Shahla Sherkat-ek sortutako Zanan (Emakumea) aldizkarian bateratu zen. Honek Islamaren barruan genero harremanei buruzko eztabaida eta Islamaren eta feminismoaren arteko bateragarritasuna planteatu zuen. Zanan aldizkariak generoen ezberdintasunaren jatorri soziala eta politikoa azpimarratzen zuen, eta Koranaren interpretazio patriarkalean oinarritzen ziren lege musulmanak kritikatzen. Beraz, ijtihad gaia emakumeen jurisprudentzia musulmanaren berrikuntzarako eskubidea berenganatzeko aldarrikapena da.

Iranen, Egipton, Marokon eta Yemenen, feminista musulmanek familia patriarkalaren legea eraso zuten. Irango Islamiar Errepublikan, feministek oinarrizko askatasun islamikoa onartzen dute maila politikoan, beste batzuk, ordea, ez dute inolako errekurtsorik onartzen doktrina horretan.

Mugimendua musulman intelektualek egindako galdeketan oinarritzen da, islamaren, demokraziaren eta giza eskubideen arteko harremanei dagokienez, esate baterako; Abdulkarim Soroush, Mohsen Kadivar, Hassan Yousefi-Eshkevari eta beste batzuk intelektualitate erlijioso berrikoak Iranen; hildako Mahmoud Taha, Sudanen; Hassan Hanafi Egipton eta Zeid Abu Nasr erbesteratua; Aljeriako Mohammed Arkoun, Sorbonako irakaslea; Chandra Muzzafar, Malaysia, Fathi Osman, besteak beste. Koranaren interpretazioaren eskubideaz gain, feminista islamikoen aldarrikapena otoitzetan eta erlijio zerbitzuetan parte hartzeko eskubidea da.

Margot Badranentzako, musulman eta kristauen ulertzearen aldeko Al Walid printzipe saudiaren zentroko ikertzailea, Georgetown Unibertsitatean (Estatu Batuak), mugimendu honen kontzeptu zentralak emakumeen berdintasuna eta justizia soziala dira. Badranek dioenez:

«Liburuko hiru erlijioen artean Islamak testuetan emakumearen eta gizonaren berdintasunaren ideia barne hartu duen bakarra da (biak gizakitzat hartuz) eta horren barne emakumearen eskubideak eta justizia soziala daude. Mezu hau galdu egin da Islam beraren izenean. Lehendik baden patriarkatuak, Koranak leundu duena eta azkenean erauzi duena (...) oso iraunkorra dela frogatu du. Nahiz eta patriarkatuaren iraunkortasuna izan, erlijio musulmana bereganatu zen. Gizartearen boteredun fakzioen manipulazioa hain handia izan zen ezen Islama naturalki patriarkaltzat hartu baitzen, hitz errebelatua eta patriarkatuaren arteko kontraesana ezabatuz eta sexuen berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko edozein aldarrikapen islamiko suntsituz. Paradoxa da, bere testuetan berdintasunaren onarpena barne duen erlijio bakarra gaur egun erlijioen artean matxistena kontsideratzea. Musulman matxistak arlo estatalean, sozialean edo familiarrean eta Islamaren aurkakoek interes komun bat dute, arrazoi ezberdinak direla eta, fikzio hori eta Islam patriarkala iraunarazteko.»

Margot Badranek dioenez, feminismo islamikoak umma edo fededun komunitatean berdintasun ikusmoldea aldarrikatzen du, banaketa Ekialde/Mendebaldetik, publiko/pribatutik, sekular/erlijiosotik haratago doana, eta Estatu islamikoaren ideia deuseztatzen du. Valentine Moghadamen ustez, feminismo musulmana orokorrean kristau feminismo eta feminismo juduarekin batera, ikuspuntu erlijiosoan oinarritzen da.

  1. a b c (Ingelesez) «Islamic feminism: what's in a name?» Al-Ahram Weekly (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  2. (Ingelesez) Exploring Islamic Feminism. Wilson Center 2021-08-17 (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  3. (Ingelesez) Lindsey, Ursula. (2018-04-11). «Can Muslim Feminism Find a Third Way?» The New York Times (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search